
Bi erakunde publikoek telekomunikazio-azpiegiturak partekatzeko lankidetza-akordioa luzatu dute, euskal trenbide-sareak erabiltzen dituen TETRA komunikazio profesionaleko zerbitzuen erresilientzia, erabilgarritasuna eta estaldura indartzeko.
Itelazpik, Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazio-azpiegitura eta -zerbitzuetan espezializatutako sozietate publikoak, eta Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca (ETS-RFV) erakundeak beren lankidetza-esparruari jarraipena ematea adostu dute, TETRA teknologian oinarritutako komunikazio profesionaleko zerbitzuak emateko eta telekomunikazio-azpiegitura publikoak elkarrekin baliatzeko.
Akordio horren esparruan, Itelazpik komunikazio kritikoetako zerbitzuak eskaintzen dizkio ETS-RFVari, ustiapeneko eta mantentze-lanetako langileek ahotsa eta datuak transmititzeko sistema segurua, pribatua eta erabilgarritasun handikoa izan dezaten. Zerbitzu hori bereziki diseinatuta dago komunikazioen jarraitutasuna funtsezkoa den ingurune operatiboetarako, sare komertzial konbentzionalek behar diren bermeak eskaini ezin dituzten kasuetarako.
Bi erakundeen arteko lankidetza Itelazpik Euskadiko sektore publikoa osatzen duten administrazio eta erakundeen bitarteko propio instrumental eta zerbitzu tekniko gisa duen izaeran oinarritzen da. Figura horrek proiektu teknologikoak garatzea eta erakunde publikoei telekomunikazio-zerbitzu espezializatuak eskaintzea errazten du.
“Lurralde osoan hedatutako telekomunikazio-azpiegituren sare propio baten bidez, Itelazpik Euskadiko hainbat erakunde eta organismo publikori eskaintzen dizkie zerbitzuak, konektibitateari, digitalizazioari eta lurralde-kohesioari lagunduz. Bere gaitasun teknologikoak zuntz optiko bidezko garraio-sareak, ahalmen handiko irrati-loturen azpiegiturak eta administrazio publikoei zerbitzu kritikoak eskaintzera bideratutako bestelako irtenbideak hartzen ditu barne.”
TETRA zerbitzua emateaz harago, akordioak bi erakundeek kudeatutako telekomunikazio-azpiegitura desberdinak elkarrekin baliatzea aurreikusten du. Zentzu horretan, Itelazpik kudeatutako irrati-loturen sare publikoak babes-sistema gisa jarduten du trenbide-komunikazioen erresilientzia handitzeko; ETSren zuntz optikoko azpiegiturak, berriz, zerbitzuaren estaldura zabaltzen eta indartzen laguntzen du zenbait ingurunetan, bereziki lurpeko tarte eta kokalekuetan.
Era berean, akordioari esker, ETSk Itelazpik kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren zuntz optikoko sarean eskuragarri dagoen ahalmena erabili ahal izango du, trenbide-ustiapenari lotutako konektibitate-behar jakin batzuk osatzeko. Lankidetza horrek agerian uzten du Itelazpik sare-teknologia desberdinetan oinarritutako telekomunikazio-irtenbide integralak eskaintzeko duen gaitasuna, baita azpiegitura publiko estrategikoak euskal sektore publikoko beste erakunde batzuen zerbitzura jartzekoa ere.
Akordioaren luzapenak Euskadirentzat funtsezkoa den trenbide-garraioaren azpiegitura indartzen laguntzen du. Aldi berean, herritarren zerbitzura dauden erakundeen arteko lankidetzaren adibide da, lehendik dauden baliabideen aprobetxamendua maximizatzeko, inbertsio publikoak optimizatzeko eta erakundeen arteko sinergiak sortzeko.
Ekimenak agerian uzten du Itelazpik euskal administrazio eta erakunde publikoentzako erreferentziazko bazkide teknologiko gisa duen zeregina, telekomunikazio-azpiegitura publikoak modu eraginkor eta koordinatuan erabiliz zerbitzu kritikoak eskaintzea ahalbidetzen baitu.




