
Itelazpik berriz ere babestu du sektoreko erreferentziazko topaketa hau, eta goizean egin zen jardunaldi profesionalean parte hartu du. Jardunaldiaren ardatza azpiegitura kritikoen erresilientzia izan da.
Ekainaren 11n TelekoGauaren — Euskadiko Telekomunikazioen Gauaren edizio berri bat egin zen. Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak eta Elkarteak antolatutako hitzordu honek sektoreko profesionalen talentua balioan jartzen du, eta herrialdearen lehiakortasunerako eta garapenerako estrategikoa den balio-kate osoaren ekarpena aitortzen du.
Azken urteetako egiturari jarraituz, jardunaldia goizean hasi zen Bilbao Arenan egindako topaketa profesionalarekin. Itelazpiko zuzendari tekniko eta telekomunikazio-ingeniari Iñigo Pérez Ranek parte hartu zuen “Erresilientzia eta Azpiegiturak” mahai-inguruan. Saioa Iñigo Ortuondok moderatu zuen, telekomunikazio-ingeniaria eta Metro Bilbaoko zuzendari teknikoa.
Bere hitzartzean, Pérez Ranek azpimarratu zuen telekomunikazio-sistema erresilienteak diseinatu, operatu eta mantentzearen garrantzia, gorabeheren edo egoera kritikoen aurrean ere zerbitzua ematen jarraitzeko gai izan daitezen. Ildo horretan, Itelazpik bere azpiegituren etengabeko monitorizazioan egiten duen lana nabarmendu zuen, baita energia-babeseko sistemen erabilgarritasuna eta azpisistema ezberdinetan txertatutako erredundantziak ere.
Adibide gisa, iazko itzalaldi elektrikoan FM irratiak izan zuen portaera ona gogorarazi zuen; izan ere, krisiaren lehen orduetan herritarrak informatzeko funtsezko kanal gisa jardun zuen. Era berean, Itelazpik kudeatzen duen TETRA komunikazio kritikoen sarea aipatu zuen, bereziki larriak diren egoeretan koordinazio segururako funtsezko tresna baita.
Gauez, San Mamés estadioak TIC Sarien banaketa-ekitaldia hartu zuen. Bertan izan zen Itelazpiren ordezkaritza bat, Xabier Zubiaur Itelazpiko zuzendari nagusia eta Itsaso Orcajo Elkargoaren eta Elkartearen dekanordea, telekomunikazio-ingeniaria eta IoT zerbitzuko arduraduna buru zituela.
Itelazpik aitortu nahi du Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eta Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak egindako lan bikaina, ezagutzaren, lankidetzaren eta aitortza profesionalaren inguruan sektorea berriro elkartzea lortu duen jardunaldi hau antolatzeagatik.
Xabier Zubiaur, Itelazpiko zuzendari nagusia, Oiane Niebla Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eta Elkartearen dekanoarekin eta Itelazpiko beste ordezkari batzuekin batera.





