
Egunero, Itelazpiko langile teknikoek eta enpresa laguntzaileetako profesionalek mendiko pistak zeharkatzen dituzte eta dorre garaietan lan egiten dute, euskal herritar guztiak konektatuta mantentzeko. Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa garen aldetik, ereduz gidatzeko erantzukizuna dugu. Apirilaren 28 honetan, une batez gelditu nahi dugu lan ikusezin baina funtsezko hori aitortzeko. Eta hori posible egiten duten pertsonen segurtasuna ezinbestekoa dela berresteko.
Euskal orografiak arrisku espezifikoak dakartza: malda handiko 4×4 pistetan gidatzea, 70 metrora arteko dorreetan altuerako lanak egitea, Oiz, Ioar edo Karakate bezalako tontorretan muturreko baldintza meteorologikoei aurre egitea, arrisku elektrikoa, irrati-maiztasunekiko esposizioa eta gainahalegin fisikoak. Horiez gain, bada hain agerikoa ez den beste arrisku bat ere: bakarrik lan egiten duen pertsonaren isolamendua eta karga psikosoziala, batzuetan estaldurarik gabe, mendi baten goialdean. Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak aurten lehentasun global gisa nabarmendu dute hori, «Laneko ingurune psikosozial osasungarria bermatu dezagun» goiburupean.
Arrisku horiek kontrolatzeak benetako prebentzio-sistema bat eskatzen du: altuerako lanetarako eta lur orotako gidatze teknikorako berariazko prestakuntza, protokolo meteorologiko zorrotzak, erreskate-plan operatiboak eta urruneko kokaguneetan lan egiten duten langileen presentzia eta egoera egiaztatzeko sistemak. Itelazpin, neurri horiek gure jarduera zuzenean ez ezik, gurekin lan egiten duten enpresa guztien jardueran ere aplikatzen dira. Prebentzioa ez da dorrearen oinarrian hasten: inplikatutako erakunde bakoitzaren kulturan hasten da.
Horregatik, gaur dei zuzena egin nahi diogu gure balio-kateari: gure lantaldeen ingurune beretan jarduten duten mantentze-enpresei, enpresa instalatzaileei eta hornitzaileei. Prebentzioa plangintza egoki batekin hasten da, baina joan-etorri bakoitzean, igoera bakoitzean eta baldintzak seguruak ez direnean lan bat eteteko hartzen den erabaki bakoitzean gauzatzen da. Izan ere, azken batean, benetan axola duena da pertsona bakoitza etxera itzultzea. Egoera fisiko onean. Eta egoera emozional onean ere bai.
Arriskuen prebentziorako neurriak: 4×4 gidatzeari buruzko prestakuntza-saioa, instalazioetara sartzean bide-zoruaren egoera txarrak eragindako arriskuak arintzeko: euria, lokatza, luiziak, egoera txarrean dauden pistak eta abar.





