
Itelazpik 18 metroko altuerako sareta-dorre berri bat instalatu du Elgoibarren duen telekomunikazio-zentroan (Ballegoiti baserria). Zentro horretatik Altzola auzoari ematen zaio estaldura. Jarduketa honen bidez, zerbitzuen difusioa hobetu da, mantentze-lanen segurtasuna indartu da eta azpiegitura kokalekuaren egungo eta etorkizuneko beharretara egokitu da.
Jarduketa honen helburua zen zentroko etxolaren estalkiaren gainean zegoen aurreko instalazioa ordezkatzea, ikuspegi teknikotik seguruagoa, sendoagoa eta egokiagoa den egitura baten bidez. Orain arteko euskarriak egiturazko eta sarbideko mugak zituen, bereziki eguraldi-baldintza zorrotzetan, eta ez zuen gaitasun nahikorik instalazio berriak hartzeko edo daudenak hobetzeko.
Azpiegitura berria inpaktu bisual txikiko sareta-dorre autosostengatu bat da, 18 metroko altuerakoa, hormigoizko zimenduduna eta haren operatibitatea zein segurtasuna bermatzeko beharrezko elementuak dituena. Instalazio berriari esker, lehen etxolaren gainean kokatzen ziren antenak dorrean bildu ahal izan dira. Horrek emisio osoagoa eta seguruagoa ahalbidetzen du, eta, aldi berean, mantentze-lanetako langileen lan-baldintzak hobetzen ditu.
Instalazio berri honekin, Itelazpik telekomunikazio-azpiegituren modernizazioan aurrera egiten jarraitzen du, lurraldearen konektibitate-beharrei erantzuteko prestatuta dagoen zerbitzu publiko fidagarriagoa eta seguruagoa bermatzeko helburuarekin.




