
Lehenengo ikastetxeek ostiral honetan parte hartu dute Itelazpik Oiz mendiko telekomunikazio-zentroan antolatutako bisita gidatuetan. Ekimenak urrian zehar jarraituko du, eta 2027ko maiatzean berriro ekingo zaio; haren helburua da ikasleei Euskadiko zerbitzuen euskarri diren telekomunikazio-azpiegituren eta -zerbitzuen errealitatea hurbiltzea.
Fadura eta Santurtziko Lanbide Heziketako ikasleek ostiral honetan bisitatu dute Itelazpik Oiz mendiaren tontorrean, 1.000 metrotik gorako altitudean, kudeatzen duen telekomunikazio-instalazioa. Jardunaldian zehar, zentroko arlo desberdinen funtzionamendua, erabiltzen diren teknologiak eta kokaleku estrategiko horretatik eskaintzen diren zerbitzuak ezagutzeko aukera izan zuten.
Bisitan, halaber, laneko arriskuen prebentzioarekin, mota honetako azpiegituretan aplikatzen diren segurtasun-neurriekin eta Itelazpik ingurumenaren arloan garatzen dituen jarduerekin lotutako gaietan sakondu zuten. Horrela, ikasleek benetako lan-ingurune batera hurbiltzeko eta aurrez ikasgelan landutako kontzeptuak modu praktikoan ulertzeko aukera izan zuten.
Instalazioaren funtzionamendua ezagutzeaz gain, parte-hartzaileek azpiegitura horiek interes publikoko telekomunikazio-zerbitzuak eskaintzeko duten zeregina ezagutu ahal izan zuten; besteak beste, irrati- eta telebista-seinaleen hedapena, komunikazio kritikoak eta herritarrentzat funtsezkoak diren beste hainbat zerbitzu.
15 urte baino gehiago telekomunikazioak hezkuntza-esparrura hurbiltze
Itelazpik hamabost urte baino gehiago daramatza bisita gidatuen programa hau garatzen, dibulgazioarekin eta prestakuntzarekin duen konpromisoaren barruan. Ekimen honen bidez, sozietate publikoak ikasleei telekomunikazioei eta gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzuak ahalbidetzen dituzten azpiegitura digitalei buruzko ezagutza hurbiltzen laguntzen du.
Programa Ikaslanekin, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen sarearekin, eta EHUrekin lankidetzan garatzen da. Horri esker, espezialitate desberdinetako ikasleek Euskadiko erreferentziazko azpiegitura teknologikoen funtzionamendua zuzenean ezagutzeko eta beren prestakuntza etorkizun profesionalarekin lotutako esperientzia praktiko batekin osatzeko aukera dute.




