
- Xabier Zubiaur Itelazpiren zuzendari nagusiak ongietorria eman zien parte-hartzaileei, Sozietate Publikoko hainbat arduradun tekniko lagun zituela.
- Bisita gidatuen programa Itelazpiren Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren (GEK) estrategiaren ekintza nagusietako bat da.
Joan den ostiralean, Itelazpiren Zaldiaran mendiko telekomunikazio-instalazioak bisita ohikoa baino zabalagoa hartu zuen, Euskadiko hiru hezkuntza-zentrotako ikasleen parte-hartzearekin.
Bisita Xabier Zubiaur zuzendari nagusiak gidatu zuen, eta EiTBko kamerak bertan izan ziren jardunaldia grabatzen. Horri esker, etorkizuneko telekomunikazioetako profesionalek modu praktikoan ezagutu ahal izan zuten instalazioaren funtzio nagusietako bat: kate publikoaren TDT seinalearen hedapena. Zubiaurrek talde bakoitzari ongietorria eman zion, gogoraraziz «Itelazpirentzat funtsezkoa dela etorkizuneko ingeniari eta teknikariek zuzenean ikustea gure telekomunikazio-sarearen konplexutasuna eta balioa».
Hezkuntza-zentro gehiagori aukera zabaltzeko helburuarekin, bisita gidatu honek hiru zentrok parte hartzeko aukera eskaini du (ohikoan bakar batek egiten du): Egibide Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeak (Gasteiz), Mendizabal Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak (Gasteiz) eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak (Telekomunikazio Ingeniaritzako adarra).
Bisitan zehar, Itelazpiren arduradun teknikoek azaldu zuten instalazioaren sistema elektrikoaren funtzionamendua, baita hedapen- zein garraio-sistemen funtzionamendua, arreta berezia jarriz TDT seinalearen hornidura nola bermatzen den azaltzera. Halaber, azaldu zuten instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio kritikoetan duen eginkizuna, eta Itelazpik garatzen ari den IoT sarearen funtzionamendua ezagutzeko aukera ere izan zen.
Bisita hau posible izan da Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren (Itelazpi bertako sozietate publikoa da) Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak eta EiTBren arteko koordinazio-lanari esker. Horrela, ikasleentzat esperientzia praktikoagoa eta aberasgarriagoa izan da. Bisita gidatuen programa Itelazpiren GEK estrategiaren ekintza nagusietako bat da, Gizarte arloari dagokionez.
—-





