

Plan Estrategikoa 21-24
Zerbitzu sendotuei dagokienez, nabarmentzekoa da LTD edo lurreko telebista digitalak DVB-T2 teknologiara eginiko bilakaera, baita konektagarritasun-zerbitzuen prestazioa ere trenbide-garraio publikoaren sektorean.
Konpromiso sozialaren alorrean, Itelazpik hizkuntza-normalizazioan jarriko du arreta, eta BIKAIN ziurtagiria eskuratuko du ziklo estrategikoaren lehen zatian. Horretaz gainera, enpresen gizarte-erantzukizuneko gainerako politikak bultzatzen jarraituko du: gobernu arduratsua, etika eta betetzea, gardentasuna, prestakuntza eta dibulgazioa, ingurune naturala babestea eta genero-berdintasuna.
Itelazpik 200 instalaziotik gorako sarea du (emisio-zentro esaten zaie), eta EAEko lurraldearen % 100ari konektagarritasuna eta estaldura emateko gaitasuna du. Nahiz eta sare horren jatorria irratia eta telebista hedatzea izan (analogikoa), urteak igaro ahala hainbat diziplinatako azpiegitura bihurtu da, eta gai da era guztietako telekomunikazio-zerbitzuei eusteko: TETRA teknologia digitalean edo DMR analogikoan oinarritutako komunikazio kritikoak, 4G telefonia mugikorra (eta laster 5Ga), Wi-MAX banda zabala, udal wifi-zerbitzuak, LoRaWan oinarri duten Gauzen Interneteko zerbitzuak, puntutik punturako datu-loturak, eta abar. Kontuan harturik azpiegitura moldakorra duela, kokapen estrategikoan dagoela –Euskadik orografia konplexua baitu–, eta 5Ga eta Gauzen Internet (IoT) zabaltzeak kokaleku-eskaera handia ekarriko duela, azpiegitura publikoen operadoreak funtsezko eragile izango dira lurraldeen eta administrazioen eraldaketa digitala lortzeko bidean.
Paradigma berri hori kontuan hartuta diseinatu du Itelazpik 2021-2024 aldirako estrategia, Administrazio Kontseiluak onetsia –Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Polentzi Urkijo da Administrazio Kontseiluaren buru–. Planean bildutako ekintzak sozietatearen oinarrizko zutabe hauen bidez gauzatzen dira:
- Sozietatearen egitekoa osatzen duten funtzioak; batetik, sare eta zerbitzuen operadore izatea eta, bestetik, azpiegiturak kudeatzea.
- Zerbitzu-lerroak:
- Ikus-entzunezko seinaleak zabaltzea.
- Komunikazio kritikoak eta telemeteringa.
- Seinalearen konektagarritasuna eta garraioa.
- Baterako kokapena.
- Digitalizaziorako zerbitzuak: Gauzen Internet (IoT), 5G, eta abar
- Laguntza teknikoa eta aholkularitza.
- Merkaturatutako baliabideak:
- Kokaleku eta zerbitzu orokorrak
- Zuntza eta irrati-loturak garraiatzeko sarea
- Telekomunikazio-ekipamendua (azken zerbitzuak)
Sareko eta zerbitzuetako operadorea (1., 2. eta 3. ardatzak)
Sare eta zerbitzuen operadore-funtzioaren bidez zabalduko dira plan estrategikoko 1., 2. eta 3. ardatzak:
- EAEko Administrazio Orokorraren, erakunde autonomoen eta mendeko erakunde publikoen bitarteko propio gisa, Itelazpik funtsezko eginkizuna du Euskadiko telekomunikazio-politika publikoen bermatzaile gisa. Itelazpik, bere ikuspegiari jarraikiz, etengabe zaintzen ditu etengabe sortzen ari diren teknologiak, eta administrazio publikoetan izaniko erabilera-kasuak identifikatzen jarduten du; erabilera hori izan liteke lehendik dagoen azpiegitura baliatuz edo, beharrezkoa denetan, azpiegitura horiek areagotuz. Egungo ziklo estrategikoan, azken belaunaldiko zerbitzuak unibertsalizatzearen alde lan egingo da (1. ardatza). Itelazpi interes publikoaren bermatzaile gisa posizionaturik dago, eta haren jarduna izango da LoRa teknikaren bidez Gauzen Internet gerturatzea (1.2 PE) eta azken belaunaldiko 5G banda zabal mugikorreko proiektu pilotua gauzatzea (1.1 PE), eten digitala jasateko arriskuan dauden eremuetan.
- Baliabide propio eta interes publikoaren bermatzaile gisa jarraituz, Itelazpik ibilbide luzeko zerbitzuak eskaintzen ditu hasieratik. Atal horretan, nabarmentzekoa da zuzenean kudeatzen duela euskal irrati eta telebista publikoaren lurreko difusio-zerbitzua, bai eta Estatuko gainerako kateen seinaleen difusioa ere, merkatu-hutsartea duten gure geografiako eremuetan. Arlo horretan, Itelazpiren estrategia ikus-entzunezko hedapen-sareen transformazio teknologikora bideratuko da (3. ardatza), herritarrek esperientzia hobea izan dezaten LTDa kontsumitzerakoan. Horretarako, Itelazpik erronka hauek izango ditu:
- DVB transmisio-protokoloaren bigarren belaunaldia –DVB-T2 izenekoa– abian jartzea (3.1 PE). Bilakaera horri esker, herritarrek bereizmen oso handiko emisioak (UHD) izango dituzte.
- Funtzio horretan sartzen dira, halaber, Meteorologia eta Ingurumen Sailei emaniko telemetering-zerbitzuak; horiei esker, datu-analitikako zerbitzari zentralekin konektatzen dira klima- eta ingurumen-sentsoreak. Ohiko operatibari jarraikiz gauzatuko da esparru honetako jarduera.
- Gainerako sektore publikoarekiko harreman-ereduari dagokionez, eta sare eta zerbitzuen operadore-funtzioarekin jarraituz, Itelazpik optimizatu eta balioetsi egin nahi du azken zerbitzuetan inplikatutako telekomunikazio-ekipamenduetan eta sareko garraio-baliabideetan (zuntza eta irratia) egindako inbertsio publikoa. Atal horretan sartzen da, besteak beste, TETRA teknologiako komunikazio kritikoen zerbitzua, Metro Bilbao eta ETS trenbide-garraioko erakunde publikoei eskainia. Trenbide-sarea osatzen duten tuneletan gertatzen diren inguruabar bereziek komunikazio-sistema bermatua eta prestazio aurreratuak eskatzen dituzte. Itelazpik eremu horretan jarraitzen duen estrategia zerbitzu-prestazioa hobetzera bideratuko da (2. ardatza), bi jarduera-ildoren bidez:
- TETRA zerbitzuaren estaldura hobetzea (2.1 PE)
- konektibitate-zerbitzu berriak ematea (2.2 PE)
- Sektore pribatuarentzako zerbitzuak emateari dagokionez, inguruabar bereziak direla eta, Itelazpik hainbat irrati-difusore pribaturen FM irrati-difusioa kudeatzen du. Ohiko operatibari jarraikiz izango da esparru honetako jarduna.
Azpiegitura-kudeatzailea (4. eta 5. ardatzak)
Azpiegitura-kudeatzaile den aldetik, Itelazpik sektore publiko eta pribatura bideratzen ditu zerbitzuak, eta oinarrizko baliabideak gaitzen eta bideratzen ditu telekomunikazio-sareak hedatzeko; hau da, kokalekuak eta zerbitzu orokorrak. Eusko Jaurlaritzaren baliabide propio gisa, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak kudeatzen dituen larrialdietako konektagarritasun-zerbitzuen baterako kokapenaz arduratzen da, besteak beste. Alor pribatuari dagokionez, Itelazpik funtsezko lana egiten du natura-ingurunea babesteko: gure orografiako eremu babestuetan emisio-zentroak ugaritzea saihesten du. Hori dela eta, Itelazpik merkataritza-operadoreen, zerbitzu orokorretako enpresen (utilities) eta tokiko irrati-difusioko enpresen esku ipintzen du lehen mailako prestazio-maila duten kokalekuen sarea. Arlo horretan, Itelazpiren estrategiak zerbitzu-operazioarekin lotutako prozesuen eraldaketa digitalean ipiniko du arreta (5. ardatza). Telekomunikazio-azpiegiturak merkaturatzeko sektoreak bizi duen eztandarekin bat, Itelazpik plataforma informatiko berri bat garatuko du baterako kokapenen zerbitzua kudeatzeko eta merkaturatzeko (5.1 PE). Bestalde, mantentze-zerbitzuan hasitako eraldaketa digitalari jarraipena emanez, mantentze zuzentzailearen digitalizazioa osatuko da (5.2 PE). Azpiegituren hobekuntzarekin jarraituz eta jasangarritasuna xede gisa harturik (4. ardatza), Itelazpik airea girotzeko ekipamendua urrunetik kudeatzeko sistema bat jarriko du martxan (4.1 PE). Ingurumen-faktorea egokiro kudeatzea muturreko auzia da beti, eta garrantzi berezia hartzen du Itelazpiren instalazioetan, kokapen geografikoa dela eta. Sistema horren bidez, funtzionamendua bermatzeko erosotasun-maila optimoa lortuko da. Eta, azkenik, energia-horniduraren alorrean, energia garbietan oinarritutako sistema alternatiboen ezarpena bultzatuko da (4.2 PE); horrek, lehen adierazi bezala, sendotu egiten du jasangarritasunaren aldeko apustua..
Gizarte-konpromisoa (6. ardatza)
2021-2024 aldirako Plan Estrategikoa garatzeko, kontuan hartu da ekintza bakoitzak garapen jasangarriko helburuetan (GIH) izan dezakeen inpaktua. Itelazpik konpromiso sendoa izaten jarraituko du gizartearekin, natura-ingurunea babestearekin, genero-berdintasunarekin –batez ere telekomunikazioen esparruan–, eta hizkuntza-normalizazioarekin. Nahiz eta lehendabiziko hiru alderdiak finkatuta dauden eta ohiko programak garatuko diren (#ItelazpiEzagutu, #MendiraEuskaraz, #EmakumeaTeknologian, hurrenez hurren), Itelazpik kalitatezko jauzi bat egin nahi du hizkuntza-normalizazioaren arloan, eta BIKAIN sistema ezarriko du horretarako. Plan estrategiko honetan dago jasota egitasmo hori.
Konpromiso sozialarekin zerikusia duten gainerako ardatzek oinarri irmoa eta sendotua dute, eta egungo osasun-krisiak ekarritako esparrua kontuan hartuta garatuko dira. #ItelazpiEzagutu programan, Itelazpik telekomunikazioekin lotutako dibulgazio- eta prestakuntza-ekintzak jasotzen dira, hain zuzen ere, unibertsitate-zentroetan eta LHko ikastetxeetan ematen dituenak. Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin eta Ikaslan LHko eskola publikoen sarearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena dago programa horren oinarrian. Hauek dira programaren funtsezko ekintzak: #TelekoSaria saria, Itelazpiren emisio-zentroetan bisita gidatuak egitea eta praktiketako ikasleak ekartzea.
#MendiraEuskaraz programaren helburua da mendiko naturaguneak eta kirol-jarduerak sustatzea. Euskal Mendizale Federazioarekin, Mendifilm Festival kultura-elkartearekin eta URA-Uraren Euskal Agentziarekin sinatutako hitzarmenak dira egitasmo horren funtsa. Jarduera adierazgarrienen artean ageri dira, konparazio batera, ibilbide luzeko ibilaldi federatuen euskal zirkuitua babestea (Zirkuito), Itelazpiren instalazioek okupatutako eremuetan mendi-ibilaldiak sustatzea, gure errepikagailuei atxikitako lursailak basoberritzea (Zuhaitz Eguna), mendiko zinema-jaialdia babestea, eta URAk ekoitzitako Uraren Bidezidorrak babestea.
Azkenik, #EmakumeaTeknologian programaren helburua da emakumeek telekomunikazioen sektorean duten eginkizuna ez ezik sektore estrategiko horretan sartzen direla ere ikusaraztea. Programa hori Itelazpiren III. Berdintasun Planaren eta Bai Sareko partaidetzaren barruan kokaturik dago. Itelazpik garatzen dituen ekintza nagusien artean ageri dira, halaber, honako hauek: ikus-entzunezkoen lehiaketa, sentsibilizazio-egutegi bat egitea, Emakundek bultzatutako politiken eragile izatea eta Bai Sarean parte hartzea, baita Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko GTDan ere.
Plan estrategiko berri honekin, Itelazpik telekomunikazio-azpiegiturek behar duten egokitzapena eta ikuspegia islatu ditu, merkatuak bizi duen eraldaketa biziaren ildotik eta eraldaketa horiek administrazioaren eta lurraldeen digitalizazioan izango duten inpaktuari erantzunez.



