- UPV-EHU, Kanadako Telekomunikazioen Ikerketa Zentroarekin batera, full-duplex hedapen-sare bat ezartzearen bideragarritasuna aztertzen ari da.
- Neurriak Itelazpik Sodupen (Bizkaia) duen emisio-zentro batean garatu dira.
Hedapen-sareak, beste edozein teknologia bezala, eraldaketa digital eta berrikuntzarekin bat egin behar du. 8K-ko telebista-emisioak (ultra alta-definizioa), bigarren belaunaldiko lurreko transmisioa (DVB-T2), edota FM irratiaren emisioa formatu digitalean (DAB+), dagoeneko broadcasting-aren munduan ezartzen ari diren hobekuntzak dira, edukiak ohitura berrietara egokitzeko helburuarekin. Berrikuntzaren arloan, halaber, sarearen interaktibitatearen garapena da gehien lantzen ari dena, datu-sareen ohiko ezaugarria dena alegia, eta hedapen-sareen orain arte oztoporik nagusiena izan dena. EHUk dagoeneko hori bera ikertzen ari da.
Eneko Iradier EHUko irakasleak, Itelazpi #TelekoSaria irabazi duenak, proiektu bat zuzentzen du Kanadako Telekomunikazioen Ikerketa Zentroarekin elkarlanean, transmisio zentro tradizional bat nodo full-duplex bihurtzeko aukera aztertzeko. Hau da, informazioa bidali ez ezik, igorpen-maiztasun berean eta aldi berean jasotzeko gai den nodo bat. Erabilera-kasu honek erronka handia du; izan ere, transmititutako seinalearen zati bat hartzailean akoplatzen da, eta oso zaila da adierazitako baldintzetan jasotzea.
Neurriak garatzeko, Itelazpik EHUren esku jarri du Sodupeko udalerriko emisio-zentroa, bai eta beharrezkoak izan diren probak egiteko behar izan diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak ere. Hori guztia bi erakundeak duela hamarkada bat baino gehiagotik batzen dituen lankidetza-esparruan.
Proiektuaren ondorioak aurtengo ekainaren 15ean eta 17an Bilbon egingo den IEEE International Symposium on Broadband Multimedia Systems and Broadcasting (BMSB) nazioarteko kongresuan aurkeztuko dira. Broadcasting-aren munduan garatzen ari diren berrikuntza-proiektu honek eta beste batzuek agerian uzten dute potentzia handiko telekomunikazio-azpiegiturek lurraldeen eraldaketa digitalean izango duten funtsezko eginkizuna.