

- Gaur, Xabier Zubiaurrek etapa berri bat hasi du Itelazpiko zuzendaritza nagusiaren buru gisa, joan den ostiralean, uztailak 7, Administrazio Kontseiluak izendatu ondoren.
- Zubiaurrek esperientzia zabala du telekomunikazioen baita Administrazio Publikoaren sektorean. Bere erronketako bat Administrazioak eta lurraldeak digitalizatzeko proiektuak bultzatzen jarraitzea, teknologia berritzaileenen bitartez, hala nola IoT edo 5G izango da.
Gaur, uztailak 17 astelehena, Xabier Zubiaur Agirre Itelazpiko Zuzendaritza Nagusiko buru izan da, joan den ostiralean, uztailak 7, sozietate publiko honen Administrazio Kontseiluak ofizialki izendatu ondoren. Zubiaurrek, Matxalen Lauzirika ordezkatuko du, otsailaren amaieran Eusko Jaurlaritzako Gobernantza eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzan lan-etapa berri bat hasi baitzuen.
Zubiaur Itelazpin sartu da 2021-2024 plan estrategikoaren erdian, telekomunikazioen sektorean eta Administrazio Publikoan esperientzia handia izanik. Tarteko mugarri horretan, planaren balantzea egin eta berrikusi beharreko ildo estrategikoak identifikatu behar dira. Hori guztia administrazioak eta lurraldeak digitalizatzeko sektore estrategiko batean, gauzatu beharreko aukera handiekin.
Zuzendaritza-etapa berri honetan, eta zerbitzu berrien esparruan, Zubiaurrek erronka garrantzitsuak ditu aurretik, hala nola EAEko IoT sare publikoa sendotzea eta Itelazpik 5G eremuan landa-inguruneetan duen posizionamendua aztertzea. Core zerbitzuei dagokienez, Zubiaur 2023aren amaieran egingo den Irrati-komunikazioen Munduko Konferentziaren atarian sartu da. Ekitaldi honetan hartzen diren erabakiek LTD telebista hedatzeko zerbitzuaren bilakaera markatuko dute datozen urteetan, eta Zubiaurrek topaketa horretan hartzen diren erabakiak bideratuko dituen eraldaketari aurre egin beharko dio.
Jardueraren gainerako funtsezko ildoei dagokienez, zuzendaritza berriak Tetra (Trans European Trunked Radio) eta EAEko trenbide-sektoreari eta uraren kudeaketari datuak transmititzeko zerbitzuak sustatzen jarraituko du, besteak beste. Era berean, prozesuak digitalizatzeko eta azpiegituren energia-kudeaketa hobetzea ahalbidetuko duten tresnak eta teknologiak ezartzeko lanean jarraituko da.
Gizarte-erantzukizunari dagokionez, Zubiaur arlo horretan ibilbide luzea duen erakunde batean sartu da. Horrela, zuzendari nagusiari dagokio Itelazpik azken urteotan berdintasunarekin, ingurumenarekin, pertsonekin, ezagutza zabaltzearekin eta hizkuntza-normalizazioarekin izan duen eginbeharrari eustea. Garapen jasangarriko helburuak (GJH) onartzea eta Munduko Itunarekin bat egitea izango dira ibilbidea eta jarduera gidatzeko funtsezko erreferentziak.



