


- Ikasleek telekomunikazio-zentro baten kudeaketa-lanak, emandako zerbitzuak eta erabilitako ekipamenduaren funtzionamendua ezagutu ahal izan dituzte.
- Bisita Itelazpik irakaskuntza arloan garatzen dituen konpromiso sozialeko ekintzen barruan kokatzen da.
Joan den ostiralean, urriaren 20an, Karakate mendian (Soraluze, Gipuzkoa) dagoen telekomunikazio-instalazioak Bilboko Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) ikasle talde baten bisita jaso zuen. Ikasle horiek Telekomunikazioen Ingeniaritzako Graduko 4. maila hasi dute aurten.
Bisita, Ramiro Olivas komunikazio-arduradunak egin zuen, eta ikasleek instalaziotik emandako zerbitzu nagusiak eta erabilitako ekipamenduaren funtzionamendua ezagutzeko balio izan zuen: EiTB Media erakunde publikoaren eta zenbait irrati pribaturen LTDko eta FMko seinaleen hedapena, seinaleak ondoko zentroetara banatzea, TETRA komunikazio profesionalen zerbitzuaren estaldura eta merkataritza-operadoreen baterako kokapena, batez ere telefonia mugikorreko zerbitzua emateko.
Ikasleek, halaber, bezeroekin ditugun zerbitzu-mailako konpromisoak babesteko beharrezkoak diren kudeaketa- eta mantentze-lanak ezagutu ahal izan zituzten: prebentzio- eta zuzenketa-mantentze-lanak, gorabeheren arreta, 24×7 monitorizazioa, instalazioen egokitzapena, etab. Azalpena osatzeko, ingurumen-kudeaketako eta laneko segurtasun eta osasuneko ekintza nagusiak errepasatu zituzten, Itelazpirentzat bi gai horiek duten garrantzia azpimarratuz.
Bisiten programa Itelazpik irakaskuntzarekin duen konpromiso sozialaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia ikasleen garapen akademikoa osatzen duen ezagutza praktikoa zabaltzea eta lekualdatzea da. Programa, unibertsitate-eskolarekin ezarritako lankidetza-hitzarmenari esker egituratzen da. LHren esparruan, Itelazpik Ikaslanekin ezarritako hitzarmen baten bidez bideratzen du programa hori.
Bisiten programari buruz edo nola parte hartu jakiteko, helbide elektroniko honetara idatzi dezakezu: komunikazioa@itelazpi.eus.



