













- Itelazpi Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazio zerbitzuak emateko eta kudeatzeko sortu zen, batez ere EiTB Erakunde Publikoaren irrati eta telebista seinalea. Baina 20 urte hauetan, kudeatzen dituen azpiegitura publikoen erabilera dibertsifikatzea lortu du, honako zerbitzu hauen bitartez: komunikazio kritikoko zerbitzuak, tele-neurketako zerbitzuak meteorologiaren, ingurumenaren, trenbidearen eta uraren kudeaketaren arloetan, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarentzat, telefonia-operadoreentzat eta eremu pribatuko beste irrati-difusore batzuentzat funtsezko ostatu-zerbitzua eskainiz.
- 2019an, Garamendi sailburuak zuzendutako sailean egindako ahalegin instituzionalari esker, Itelazpi EAEko sektore publikoko berezko kide bihurtu zen, eta horrek funtsezko zeregina eman zion Euskadi osoko erakunde publikoak eta eskualdeak digitalizatzeko, gaur egungo eta etorkizuneko konektibitate-teknologiak aplikatuz, hala nola Gauzen Interneta.
Itelazpi Eusko Jaurlaritzako telekomunikazio elkarteak 20. urteurrena ospatuko du azaroan. Irailaren 23ko 215/2003 Dekretuak hura sortzeko baimena eman zuen, eta handik aste batzuetara hasi zen lanean. Urteurrena dela eta, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Itelazpiren egoitza bisitatu du Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio campusean. Garamendi sailburuarekin batera, Polentzi Urkijo sozietate publikoko presidentea eta Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea eta Xabier Zubiaur zuzendari nagusia izan dira.
Bisitan, Garamendi sailburuak xehetasun handiagoz ezagutu ahal izan ditu Itelazpik kudeatzen duen telekomunikazio-ekipamendua, bai eta hiru lurralde historikoetan banatutako 220 instalazio baino gehiagoren monitorizazio- eta kudeaketa-jarduerak ere.
ITELAZPIK 20 URTE
Itelazpi telekomunikazioen euskal azpiegitura kudeatzeko behar handiari irtenbidea emateko sortu zen. Lehen bezeroak Eusko Jaurlaritzako erakundeak izan ziren, batez ere EITB erakunde publikoko irrati eta telebistak, eta Segurtasun Saila. 20 urte hauetan, zerbitzuak bilakaera bat izan du, eta, beraz, gaur egun, Itelazpik azpiegitura estrategikoak ditu Euskadiko mendietan, eta azpiegitura horietatik ostatu-zerbitzuak/baterako kokapen-zerbitzuak eskaintzen dizkie telefoniako ia operadore guztiei eta zerbitzu orokorretako enpresei, FM irratia eta LTD telebista banatu eta hedatzeko zerbitzuei, meteorologiako sentsoreen datuen garraio-zerbitzuei (Euskalmet), ingurumen-kudeaketari, komunikazio kritikoen zerbitzuei eta datuen garraioari (Metro Bilbao, Eusko Trenbide Sarea (ETS), Euskotren, eta ur-partzuergoei, CABB eta Gipuzkoako Urak, besteak beste).
Azken urteetan hartu den rol berri hori, EAEko Administrazio Orokorraren eta EAEko gainerako sektore publikoaren bitarteko propioaren deklarazioari esker lortu da. Horri esker, edozein erakunde publikok eska diezaioke Itelazpiri konektibitate-zerbitzu bat ematea. Horrek funtsezko zeregina ematen dio Itelazpiri Euskadiren egituraketan, erakunde publikoak eta eskualdeetakoak digitalizatzeko irtenbideak emateko zeharkako gaitasunari esker, “smart region” kontzeptua garatzea posible eginez, eta herritarrak jarduera horren azken onuradun izanik.
MUGARRI NAGUSIAK
20 urte hauetan, Itelazpik arrakastaz aurre egin die erronka zirraragarriei: landa-eremuei banda zabaleko internet hornitzea, telebista analogikoaren itzalaldia koordinatzea lurreko telebista digitalari bide emanez, azken belaunaldiko telefonia mugikorraren etorrera gaitzeko lehen eta bigarren dibidendu digitalari ekitea (4G eta 5G, hurrenez hurren), Tetra komunikazio profesionalen sare berri bat zabaltzea, edo estatuko irrati eta telebista kateak biztanleria-dentsitate txikiko eremuetara zabaltzea, LTDaren unibertsalizazioaren printzipioa gauzatuz. Hori guztia, lehendik dauden zerbitzuen erabilgarritasuna alde batera utzi gabe, eta zerbitzu-mailak urtez urte mantenduz hitzartutako balioen barruan.
ETORKIZUNEKO ERRONKAK
EAEko sektore publikoaren berezko ingurunearen posizio berria abiapuntu hartuta, Itelazpik abiadura handiko banda zabaleko sareak Euskadi osoan hedatzeko Eusko Jaurlaritza egiten ari den prozesuan parte hartzen jarraituko du, bai eta une honetan Euskadi osoan hedatzen ari den Gauzen Interneteko sare publikoan oinarritzen diren erabilera-kasuak batzen ere, EUDELekin, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin (CTB), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, besteak beste, sinatu diren erakunde arteko hitzarmenei esker.
Horrez gain, Itelazpik erreferentziazko bazkide teknologiko gisa lan egiten jarraituko du EITB komunikazio talde publikoarentzat, gizarteak ikus-entzunezko panoraman unean-unean eskatzen duen edukien banaketa-eredua garatzen lagunduz, eta etorkizun hurbilean LTDari buruz datorren azaroaren 20an Arabiar Emirerri Batuetan hasiko den Irrati-komunikazioei buruzko Munduko Konferentziatik eratorritako ondorioei euskarria emanez.
GOBERNANTZA ON
Baina Itelazpik ez du bakarrik bere jardun teknikoan bikaina izan nahi izan, inkesta-ziklo bakoitzean bere bezeroek ematen dizkioten balorazioek egiaztatzen duten bezala. Urte hauetan, Gobernu Onaren esparruan ere erreferente izan da Itelazpi. Kalitate-sistemak, arriskuen prebentzioa eta ingurumena ISO 9001, ISO 45001 eta EMAS arauetan ziurtatuta izateaz gain, Itelazpi ingurumen-kudeaketako arrakasta-kasutzat hartu zuen iaz Europako Batzordeak. Gainera, azken bost urteetan, Itelazpi erreferente bihurtu da Compliance Penal enpresan, eta ISO 19601 arauan sistema ziurtatu duen euskal sektore publikoko lehen enpresa izan da.
Erantzukizun Sozial Korporatiboari dagokionez, azpiegituren sektoreko eta dimentsio txikiko enpresa batentzat ere emaitza paradigmatikoak eta bereziak lortu dira. Horrela, 2018an, Itelazpik bat egin zuen Nazio Batuen Mundu Itunarekin, gizartearekin duen konpromisoaren adierazgarri.
Aurrerago, 21-24 Plan Estrategikoa aipatu zen, Garapen Iraunkorreko Helburuekin erabat lerrokatuta. Gizarte-garapen proaktibo horrek Itelazpi jarri du genero-berdintasunaren arloko erreferente gisa, eta Bai Sarea sarearen sorreran parte hartu du. Horri esker, euskal gizarteari instalazioak ireki ahal izan zaizkio, eta urtez urte unibertsitateko eta LHko ikasleek bisitatzen dituzte. 2022an oso mugarri berezia lortu zen: Bikain Zilarra ziurtagiria lortu zen, bere interes-taldeekiko harremanetan euskararen presentzia bermatzen duena, bereziki herritarrekiko eta Herri Administrazioekiko harremanetan.
AURREKONTUA
2023an, Itelazpik 15 milioi euroko aurrekontua kudeatu du, gutxi gorabehera, hainbat iturriren diru-sarrerei esker, eta 2024rako aurrekontua antzekoa izango dela uste da. Lehen aipatutako euskal administrazio publikoez gain, bezero nagusia EITB komunikazio-taldea izango da.
15. urteurrena dela-eta Irekian argitaratutako prentsa-oharra