

- NBEk 1996an Telebistaren Munduko Eguna aldarrikatu zuen, urtero azaroaren 21ean ospatzen dena.
- Efemeridea Irrati-komunikazioari buruzko Munduko Konferentziaren hasierarekin bat dator aurten. Konferentzia horretan espektro irrati-elektrikoari buruzko erabaki garrantzitsuak hartuko dira.
Azaroaren 21ean Telebistaren Munduko Eguna ospatzen da, Nazio Batuen Erakundeak 1996an Batzar Nagusian aldarrikatu zuen eguna.
Itelazpik data garrantzitsu horren berri ematen du, berebiziko garrantzia baitu euskal herritarrek EiTB erakunde publikoak ekoitzitako telebista-emanaldiez gozatzeko, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 50. artikuluaren arabera interes ekonomiko orokorreko funtsezko zerbitzutzat jotzen baitira.
Efemeridea, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak (ITU) azaroaren 20tik abenduaren 15era bitartean Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) antolatutako Irrati-komunikazioari buruzko Munduko Konferentziarekin batera ospatuko da. Topaketa erabakigarri horretan, espektro irrati-elektrikoari buruzko erabaki garrantzitsuak hartuko dira, eta gaur egun Lurreko Telebista Digitalak okupatzen duen 470-694 MHz bandaren etorkizunaz eztabaidatuko da, azken belaunaldiko zerbitzuak garatzeko operadore mugikorrekiko interes handiz.
Itelazpik Telebista Irekia plataforman parte hartzen du, UNIRED elkartearen bitartez. Plataformak Call to Europe – Save Our Spectrum manifestua sinatu du Europako ikus-entzunezkoen sektoreko erakunde nagusiekin. Manifestu horren helburua UHF bandak telebistako zerbitzu publikoak garatzeko duen garrantziari buruz sentsibilizatzea da.



